Español  |   Euskara  |   English
Aurkezpena
Heganen Jarduerak
Bazkideen Jarduerak
Munduaren inguruan
Ezker onez
Aurkezpena
Euskadiko Aeronautika eta Espazioko HEGAN Kluster Elkartean biltzen diren enpresen igurikimen positiboak berretsi egin dituzte 2013ko emaitzek: fakturazio, esportazio eta enpleguaren esparruko zifrek markak hautsi dituzte.

 

Euskadiko Aeronautika eta Espazioko HEGAN Kluster Elkartean biltzen diren enpresen igurikimen positiboak berretsi egin dituzte 2013ko emaitzek: fakturazio, esportazio eta enpleguaren esparruko zifrek markak hautsi dituzte. Aireko garraioaren etengabeko hazkundearen testuinguruan eta hegazkinen fabrikatzaileen eskari-zorro handiaren barnean kokatzen da, hain zuzen, bilakaera on hori, baina baita produktuen eta merkatuen dibertsifikazioaren testuinguruan ere, gure enpresak aeronautikako programa berrietan sartu baitira eta, horrez gain, balio-kate osoak egoki erantzun baitu.
Ondo egindako lanari eta HEGANeko bazkideek lanari heltzeko orduan erakutsi duten ilusioari esker, 2013an fakturazioa nabarmen hazi da, % 9 inguru, eta 1.720 milioi eurora iritsi da; esportazioek, berriz, ordura arteko 1.000 milioi euroko muga gainditu dute lehen aldiz. Elkartearentzat benetan pozgarria da berriro ere lanpostuak sortzeaz hitz egitea, langabezia-tasa altuek horrenbesteko kezka eragiten duten une hauetan. 2013. urtean, % 3 hazi zen enplegua enpresen zentro guztietan, eta ekitaldiaren amaiera arte zuzenean sortutako enpleguetan 12.418 lanpostutara iritsi gara; horri zeharka sortutakoak erantsiz gero, 50.000 inguru dira. I+G arloko inbertsioa 166 milioi eurora iritsi da, eta nabarmentzekoa da hori ere. 2013. urtean, azpimarratzeko modukoak izan dira aeronautikako industria globalak lortu dituen arrakasta handiak; besteak beste, Airbus etxearen A400M hegazkinaren lehen eredua entregatu da, eta Airbus A350XWB eta Bombardier etxearen CSeries 100 hegazkinak merkaturatu dira, eta HEGANeko kideek modu aktiboan parte hartzen dute berorietan.
Gure bazkideen artean, hauek nabarmendu dira: Embraer-en E2 eskualde-hegazkinerako eta Bell Helicópteros etxearen 505 Jet Ranger eredurako lanak Aernnova etxeari esleitu zaizkio; eta ITPk Trent XWB-97 eta Trent TEN ereduen Behe Presioko Turbinen kontratuak sinatu ditu; horrez gain, Pratt & Whitney etxearekin egina zuen akordioa luzatu du, PurePower® Geared Turbofan™ familiarako. Aciturri eta Alestis taldeek, besteak beste, Airbus eta Embraeren lehen mailako hornitzaile izaten jarraitzen dute; espazioaren esparruan eragile-lanak betetzen jarraitzen du SENER etxeak, eta CTAk eta Tecnalia eta IK4 korporazioek aurreko urteetako jarduera-erritmoari eutsi diote.
Bestalde, Tier1 ez den industria-egiturak –batez ere ETEak biltzen dira egitura horretan- merkatuan indartsu agertzen jarraitu du, eta horixe adierazten dute, hain zuzen, salmenten gaineko esportazioen ehunekoak izan duen hazkunde esanguratsuak −% 24koa zen 2012an, eta % 33koa izan da 2013an− eta atzerriko salmenten zifrak, 54,5 milioi eurotara iritsi baitira. Beraz, gero eta gehiago dira atzerriko bezeroak, hala nola Goodrich, Liebherr Aerospace, Messier-Bugatti-Dowty, Snecma, Turbomeca... Espezializazio handiko egitura horretan jarri dute beren konfiantza, eta beren jarduera hedatzeko eta askotarikotzeko aukera eman die horrek.
Ondorio gisa, esan dezakegu Euskadin aeronautika-industriak asmatu egin duela sektorearen eskariari erantzuten eta bere jarrera sendotzen. Gainera, hegazkin berrien eskarien kopuruari eta entregatu diren ereduei begira hegazkin komertzialen fabrikatzaileek 2103an lortu dituzten emaitza bikainak eta munduan aireko zirkulazioan aurreikusi den % 5eko hazkundea plataforma ezin hobeak dira gerora begira ere, HEGANeko enpresek hazten jarrai dezaten.
Elkartean, sektoreari zerbitzua emateko ahalegina egiten dugu. 2016. urte arteko gogoeta estrategikoaren barnean, balio-katea indartu dela jabetu gara −bazkideari balioa emateko gakoak izan daitezkeen erronken artean−; eta esparru horretan jada garatu dira zenbait lan-talde, eta horietako batzuk hasi dira jada etorkizuneko proiektuak ematen, fabrikazio aurreraturako zentro baten sorrera, besteak beste. Beste batzuek zenbait jarrera-aldaketa ekarri dituzte, eta bezeroen eta hornitzaileen artean harreman berriak ekarriko ditu horrek denborarekin: epe luzeko akordioak, itun estrategikoak, denboraldi baterako enpresa-elkarteak, player berriak, etab. Lehiakortasun handiagoa lortuko dugu horrela, guztion konpromisoari esker eta gizartearen etorkizuneko garapenari geuk dugun onena eskainiz.
Parque Tecnológico
Isuntza Bidea Edif. 303
Zamudio - Bizkaia
Tf. +34 944 318 987
Fax +34 944 317 976
hegan@hegan.com
Web financiada por el Dpto. de Desarrollo Económico
y Competitividad del Gobierno Vasco